Global Training bekak: Amaia Goitia eta Aberekin (Filipinak)
Eusko Jaurlaritzaren Global Training bekari esker, albaitari bilbotarra hamaika hilabete egon da Filipinetan. Betidanik nahi izan du atzerrian lan egin, eta ia urtebetez Aberekin enpresaren ordezkaria izan da Asiako herrialdean. Aberekinek behien intseminazio artifiziala komertzializatzen du. “Ikertzen hasi nintzen eta eskaintzeko asko zeukan herrialde bat zela ikusi nuen” esan du joan aurreko uneei buruz. Bertan, behien ustiategiak bisitatzen zituen, eta Aberekinentzako merkatua irekitzen zuen. Enpresak tokiko banatzaile bat zeukan, eta hark Amaiari laguntza logistikoa eta orientazioa eskaintzen zizkion. Eusko Jaurlaritzak urtero ematen ditu Global Training bekak. Beka hauek 30 urtetik beherako gazteei zuzentzen zaizkie eta haien helburua da nazioarteko enpresa-formazioa ematea. Hasiera batean sei hilabeteko epea izaten dute eta, ondoren, beste sei hilabetez luzatu daiteke, enpresaren eta bekadunaren arabera. Aberekin enpresa 1985ean sortu zen, eta behien intseminazio artifizialerako zerbitzuak saltzen ditu berrogeita hamar herrialdeetan. Bulego nagusiak Zamudioko Teknologia Parkean daude, eta bi ekoizpen-unitate ditu: bat Derion eta bestea Torrelavegan (Santander).